Aucouturier Praktika Psikomotoreari Behaketa Metodologiaren aplikazio baten sistematizazioa


Elena Herrán Izagirre elena.herran@ehu.es
Bilakaera eta Hezkuntzaren Psikologia Saila Filosofia eta Hezkuntzaren Zientzien Fakultatea Euskal Herriko Unibertsitatea

GAKO-HITZAK: Haur hezkuntza. Behaketa. Landa ikerketa. Kategoria sistema.

1. BEHAKETA METODOLOGIARI BURUZ HAINBESTE OHAR
Lehenengo eta behin, Behaketa metodologia zer den argitu behar da. Ez da ez hautatze-metodologia, ezta metodologia esperimentala. Hautatzemetodologia egun oso ohikoa da psikologian eta ikerketa sozialean. Bertan,
hautatutako subjektuak eta aldagaiak populazio baten ordezkaritzat hartzen dira. Ondorioz, laginarekin lortutako emaitzak populazio osora zabaldu daitezke edo, besterik gabe, errazago edo merkeago lortu daiteke informazioa. Metodologia esperimentalean, bestalde, egoera esperimentala erabat kontrolpean ezarri behar da, aldagaien arteko harremana erabatekoa dela demostratuz. Behaketa metodologia, aldiz, errealitate fisikoan begi bistako diren portaerak ebaluatzeraino iristen da. Behatu nahi den ekintza, portaera, jokabidea edo jarduera berezkoa eta hautemangarria izateaz gain —errealitatean egonkor aurkitu eta erabat behagarria izan behar da— parte-hartzailearen ohiko testuinguruan gertatu behar da. Azkenik, neurtzeko ez da aldez aurretik tresna estandarrik egon behar.

Beste era batera esanda, edozein testuinguru naturaleko berezko eta denboran zeharkako portaera hautemangarri bat neurtzeko tresna asmatu daiteke, baldintza zehatz batzuk betez gero (Anguera, 2003a).
Bereziki portaeraren naturaltasuna da oztopo nagusia lehen haurtzaroaren psikomotrizitatearen inguruko ikerketetan, baina, aldi berean, hori berori da bere sena eta aberastasuna. Aurreko baldintzei beste bat gehitzen zaie: lehentasunez idiografikoa izatea (Anguera, 2003b). Horrek, ezarritako helburuen arabera, subjektu bakar bat edo portaera konkretu bat behatzera eramango gaitu. Gure kasua bigarrena da, portaera bat baita behaketa-objektua: jauzi egitea. Aurreko behaketa metodologiaren baldintza guztiak betetzeak psikomotrizitatearen behaketarako profil hobezina dakar.

Behaketa metodologia ageriko errealitatearen nahitako pertzepzioari dagokion interpretazio zientifikoa eratzen saiatzen den prozedura da. Esanahia bi urratsetan lortzen da: lehenik, testuinguru zehatz batean gauzatzen den berezko portaera baten erregistro objektiboa, sistematikoa eta zehatza prestatuz, eta bigarrenez, kodifikazio eta analisia eginez, berariazko ezagutza eremu baten baliotsuak diren datuak eskuratuz (Anguera, 1988). Prozedura bederatzi urrats nagusik osatzen dute: helburuak ezartzea, behaketa-diseinua aukeratzea, erregistroa zehaztea, tresnak argitzea, parametroak lortzea, behaketa-laginketa egitea, datuen kalitatea kontrolatzea, datuak aztertzea eta emaitzak interpretatzea. Gure oraingo hausnarketa laugarrenean kokatzen da: behaketa tresnak argitzean.

Errealitatea sistematikoki behatzean era askotako egoerak aurkitzen dira. Batzuek kategorien sistemen ezaugarri guztiak betetzen dituzte: ezinbesteko esparru teorikoa, sistema itxia, dimentsio eta kode bakarrekoa eta goi mailako zorroztasuna izatea; beste batzuek, aldiz, ez, psikomotrizitatea kasu. Horretarako, Behaketa metodologiak badu beste behaketa tresna bat, landa formatua. Bere ezaugarriak kategoria sistemaren alderantzizkoak dira: aukerako eremu teorikoa eta ez ezinbestekoa, sistema zabala, kodifikazio anitzekoa, malgua eta auto-erregulagarria izatea.

Nahiz eta portaera-fluxuaren zatirik sinpleena aukeratu, ume-jarduera, jarduera berak zabaltzen dituen mailak, horiei lotutako psikismoaren adierazpenak eta guztiaren euskarria den mugikortasuna ezin dira beren batasunean azaldu eremu teoriko sinkretiko baten bitartez. Erabat beharrezkoa da teoria dialektiko eta genetiko bat, behatu beharreko
errealitatea azaltzeaz gain landa eremuaren baldintzak erabat betetzen dituelako. Gurean, behaketa objektua psikomotrizitate gelako (Haur Hezkuntza, 2-3 urte) jauzi egitea da.

2. AUCOUTURIER PRAKTIKA PSIKOMOTOREAREN BEHAKETA
Aucouturier Praktika Psikomotorea (APP) garapenean esku-hartze pribilegiatua da. Bere objektua adierazpen psikomotorea (Aucouturier, 2000) edo mugimenean oinarritutako haurren berezko jarduera da, eta bere helburua gertakizunen aurrean berori erraztea (Herrán, 2003, 2005).
Psikomotrizitatean aritzen denak, bere jarrerak diren enpatia, legearen ikur eta lagun sinboliko izateari esker, egokiro eratzen ditu psikomotrizitate gelako espazioak, denborak eta materialak (Aucouturier, Darrault eta Empinet, 1985), gela heltze-ibilbidea (Aucouturier, 1993a, 2000) edo inguru aski ona bihurtuz (Aucouturier, 2004). 2-3 urte bitartean jarduera psikomotore nagusia bertikal aktibo eta autonomo gorputzeratzea da (Aucouturier, 2004); espazio lokomotorea sendotzea (Stern, 1979). Zutik jartzeak iragarri bazuen ere, psikomotrizitate gelako espazio sentsoriomotorea bereziki prestatua dago espazio lokomotore horri dagozkien jarduera guztiak (korrika, saltoka, biraka, jauzika eta abar), burutu ahal izateko (Herrán, 2003, 2005, 2006c, 2008).

Hasierako behaketa horren aldia inozo gisa izendatu daiteke. APPk berak proposatutako behaketak psikomotrizistaren esku jartzen du «behaketa enpatikoa eta eutsitako arretaz egiteko bere proiekzioetatik aldentzen
lagun diezaion metodologia on bat» (Aucouturier, 2004, 137 orr.).

Bere objektua psikomotrizitate gelan umeak inguruko munduarekin ezartzen dituen hitzezkoak ez diren harremanetatik abiatutako adierazpen motorea da; gelaren baldintza materialak zein harremanezkoak iraunkorrak
direnez banakako parametroak: psikomotrizitatearekin, espazioarekin, objektuekin, denborarekin eta bere buruarekin, progresiboki betetzea ahalbidetzen baitu (Aucouturier, 1993b, 2004).

Aurreko parametroak objektibizatzerakoan aurkitutako zailtasunen ondorioz ikerketaren objektua segurtasun emozionalaren lorpena (Arnaiz, 1994, 1996, 2000) izatera pasa zen. Irakasle-esperientziak agerian uzten duenaren arabera, esku-hartze psikomotorearen eragina segurtasun emozionala izango litzateke, lasaitasun psikologikoaren aitzindari. Eskolatu beharreko ikasleen heldugabetasuna dela eta, ikastetxera egokitze prozesuaren helburua ikasleengan segurtasun emozionala lortzea denez, gure ikerketaren objektua izatera iritsi zen. Ikastetxera egokitzea justifikatu eta inplementatu egiten da eskolarekiko lehen harremana pribilegiatua izatearen helburuarekin (Kintela, 1987). Ondorioa, inguru fisiko eta gizakizkoarekiko harremanezko jardueraren parametroen proposamen berri bat izan zen, eskolatzearen hasierako segurtasun emozionala neurtzeko.

Garapen afektiboaren gutxienezko adierazleak interesatzen zaizkigu, jokabide behagarrietan adierazita, eta hiru multzo handitan bilduta: «gorputz adierazpena», «kokatzeko era», eta «jolas sinbolikoa».

3. BEHAKETA PSIKOMOTORETIK KATEGORIA SISTEMARA
Aurreko behaketa proposamen bien mugek portaeraren deskribapen hutsa gainditzea eta benetako ebaluaketara iristea eragozten dute. Lehenik eta behin, APPk behaketa teknika bezala erabiltzearekin du zerikusia, eta ez metodologia bezala (Anguera, 2003a). Isuriak, errepikapenak, absentziak, eta abar saihesten dituen prozedura zehatza ezarri beharrean, konstruktu zabalak eta deskriptiboak erabiltzen dira, norberaren eskuhartzea justifikatu ahal izateko. Bigarrenik, behaketa psikomotorearen ahalguztiarekin du zerikusia, portaera psikomotore guztia; hau da, gelan gertatzen den den-dena batera behatzen omen du, behaketa-objektua mugatu beharra uxatuz. Hirugarren zailtasunak APPk esku-hartzea justifikatzen duen lanketa teorikoarekin du zerikusia. Sinkretikoa izanik, behatutako jarduera motaren eta hura hautemateko gaitasunaren arabera teoria psikologiko ezberdinetara jotzen da azalpenaren eta zentzuaren bila, aurreko biekin gurpil zoro bat itxiz.

Behaketa metodologiak ohiko inguruan ematen den berezko portaera aztertzeko metodo zientifikorik egokiena izanik (Anguera, Blanco eta Losada, 2001), psikomotrizitate gelan haur-jardueraren berri eman dezake. Ondorioz, APP intentsitate gutxiko esku-hartze programa edo programaren erabiltzeen ohiko inguruan inplementatzen den jarduera-plan ez intrusibo baten antolatutako esku-hartze jarduera multzo bezala ulertzen da (Anguera, 2003a).

Erabiltzen dugun lehen behaketa tresna ezin da kategoria sistema baizik izan. Bere betekizunak eshaustibitatea eta elkarrekiko esklusibitatea dira: portaera guzti-guztiak sisteman kokaturik, ez da bat ere errepikatzen bi kategorietan. Ezaugarri hauek hasieran betegarriak iruditu arren (APPren teoriaren arabera edozein portaera psikomotorea kategoria bakar batera esleitu daitekeela suposatzen baita), antolatze eta egituratze saioek kontrakoa frogatzen dute. Parametroek batzen dituzte jarduerak, portaerak, jokabide zehatzak, jarrerak, zirkunstantzia esanguratsuak, asmoak edo baldintzen, kasuen, behatzailearen formazioaren eta abarren araberako burutzapen berezien inguruko kontuak, portaerak esleitzerakoan errepikapenak, okerrak eta zalantzak emanez. Ondorioz, ezin da sistema
itxi, ezta osatzen duten hainbeste portaera definitzen amaitu ere. Gainera, dimentsionaltasun bakarrekoa izateak baldintzatu egiten du gure ikaste objektua aurretiaz: hain konplexua den haur portaera psikomotorea. Bestalde
psikomotrizitatean gertatzen den guztia APPren teoria berak ez du azaltzen.

4. LANDA FORMATUAREN GAINEKO LEHEN HURBILKETA
Behaketa metodologia gauzatzeko betekizunek, alde substantiboan zein prozedurazkoan, ikerketa itzulera gabeko puntu batean uzten dute. Lehenik, ebaluatu beharreko portaera jauzi egiteko jarduerara mugatzen da, jauziak behaketa metodologiaren hiru betekizun substantiboak betetzen dituelako: hautemangarria, adin horretan ohikoa, eta espazio sentsoriomotorean harreman elkarreragilea sortzen duen ingurunekoa. Bigarrenez, mota honetako metodologiaren prozedurazko baldintzen artean, izaera idiografikoa zentzu hertsian ez da bete izan, 15 partaidez osaturiko eskola-talde naturala behatu delako; zentzu lasaian beteko litzateke jauzi egitea ikerketaren subjektua bezala hartuz. Jarraipena denborazkoa da, diakronikoa. Bi ikasturtetan burututako ikerketa da eta ez dago behaketa objektuaren neurketarako tresna estandarrik.

Landa formatua aukeratzeak bi arrazoi motekin dauka zerikusia, bata erabat metodologikoa: sistema zabala, kodifikazio anitzekoa, malgua eta auto-erregulagarria izatea (Lareo, 1984; Anguera, 2003b), gure behaketa objektuak behar duen bezalakoxea; eta bestea, aplikazio eremuarekin erlazionatua: jauziaren agertzea, ikastea eta automatizatzea den behaketa-objektuaren natura eta konplexutasuna eta APPren marko teorikoaren hasierako
egoera eskasa.

Landa formatura egindako lehen hurbilpenak hiru makrokriterio edo ikerketa-ardatz nagusi sartzen ditu: «sentsoriomotorea», «ez elkarreragilea » eta «elkarreragilea», araketa-aldian aurkitutako irizpideak ez ezik, gehien bat aurreko kategoria sistematik datozenak, hola edo hala bilduak.
Hurrengo hurbilketa, «Jauzi egitearen lorpena 2-3 urteko psikomotrizitate praktika eremuan», bi multzotan antolatzen da: «baldintzak» eta «jarduera motoreak». Lehenean, «igo dena», «psikomotrizista», «besteak» eta «emaitza» makroirizpideak biltzen dira eta bigarrengoan, jarduera sentsoriomotorearen segida direnak: «hasiera», «bilakaera»,
«amaiera» eta «etenaldiak». Irizpideen hurrengo mailan, jauzi egitera doanaren «identitatea», «orientazio espaziala», «dinamismoa», »nahia» eta psikomotrizistarekin «harremanaren» berri ematen du, jardueraren hiru momentu nagusiak diren hasieran, bilakaeran eta amaieran. Ustekabeko portaeren gainjartzeak, definizio faltak eta inferentziaren aldeko joerak, agerian jartzen dute portaera fluxu izugarri horren behaketa ordena dezakeen marko teoriko baten ezinbesteko beharrizana. Alde positibo bat dauka guzti honek: multzoka ordenatzeko saioek esanguratsu eta ez funtsezkoaren arteko bereizketa errazten dute.


5. HENRI WALLON-EN EKARPENA ETA BEHAKETA METODOLOGIA
Henri Wallonen teoria psikogenetikoaren eta dialektikoaren proposamen metodologikoa bat dator Behaketa metodologiarekin, hain zuzen ere, objektibazio-lanetan aurrera egitearen konpromiso zientifikoan (Wallon,
1984a). Haurtzaroa aztertzeko metodoa behaketa izatea proposatzen du eta behaketa horren erreferentzia-multzoa haur bilakaeraren kronologia. Subjektuaren oraingo portaera interesatzen zaio; haurtzaroaren kasuan gaitasunen mugek definitzen dutena. Errealitate psikiko ñimiñoenak ere zerikusia dauka baldintza-multzo, -egitura edo -kolektibitate batekin, eta psikologiari dagokio bere osagaien elkar menderakuntza argitzea (Wallon, 1985). Bestalde, estatistikaren erabilerak, zentzu matematikoan, subjektua kategoria jakin baten kokatzeko eta kategoriaren eredua edo muturrak argitzeko balio du (Wallon, 1985). Behatu beharreko portaera bere bilakaeraren baitan da teoria honek planteatzen digun erronka; automatismo bat aztertzea agertze eta ikaste prozesuan bertan.

Giza-psikogenesia organismoaren eta honek erreakzioak jasotzen dituen ingurunearen baldintzekin lotuta dago; ondorioz, bere hurrenez hurreneko mailak subjektuaren ahalmenaren, eguneratzen diren inguruaren zirkunstantzien, eta zirkunstantzia horiekin erlazionatzeko duen ahalmenaren araberakoak dira (Wallon, 1980). Mugimenaren kitzikadurak eta artikulazio eta muskulu-aparatuaren sentsazioak atseginaren eta fereken eragin berberak izateak azalduko lituzkete: batetik, itzelezko haur jarduera motoreak (Wallon, 1985), eta bestetik, eskuartze psikomotorearen arrakasta (Herrán, 2005, 2007, 2008). Lehen haurtzaroan, gure espeziearen prototipoaren adinean (Wallon, 1984a, 1985), jarduera psikomotorea nagusia zutik aritzea da (Wallon, 1980). Bakarkako baldintza fisiologikoetan inguruarenak uztartzen dira, beraietatik erreakzioen arrazoia jasotzen delako.

Hasierako organoa garatzen du, heltzeak edo funtzionatzeko ahalmen organikoak organoaren funtzioen hedatzeari dagozkion nerbio-loturak ixten ditu, eta, ondorioz, horretan saiatzen da behin eta berriz, ikasketa bermatuz
(Wallon, 1980).
Orekaren aparatu funtzionalak, labirintoan eta kanal semizirkularretan hasiera puntua duen sentsibilitatearen bitartez, gorputzaren orientazio aldakorra eta espazioan lekuz aldatzeko mugimenduak erregistratzen ditu (Wallon, 1985); alegia, grabitatearekin erlazionatutako kitzikadurak eta haien artean bereziki, indar zentrifugoa eta bertigoa, grabitate-zentroa giza-ingurutik asimilatzen den bitartean (Wallon, 1979). Jarduera sentsoriomotorea, aldi berean mugimendua, sentikortasuna eta kanpoko munduarekiko jarduera, alderantzizko baina aldi berean osagarri diren bi noranzkoetan garatzen da: batetik automatismoa eta bestetik egoera berrien aurrean jarduera egokiak asmatzea. Automatismoa zirkunstantziekin moldakor eta etorkor den operazio-errepertorioa da, lehendik izandako mugimenduen blokeak desagertuz bereganatzen dena, azkenean, burutzen ari den jarduerak eskatzen dituen mugimenduen konbinazioen erabilpen esklusiboa egiteko (Wallon, 1985).

Jauzia borondatezko banaketa bertikalaren araberako automatismo naturala da, mugimendua gorputz osoari interesatzen zaiolarik. Horregatik, segidako jarduera konpentsatzaileak —jarduera sinergiko partzialak eta orokorrak— eta mugimenduak gertatu behar dira, lurrarekin berriro ere kontaktatzerakoan oreka berraurkitu ahal izateko (Wallon, 1979). Automatismo hau beldurraren eguneratzearen (Gibson eta Walk, 1960) edo euskarri-puntuaren borondatezko galeraren modalitate bat da (Wallon, 1985) eta hasiera ematen dio pertsonalismoaren aldiari, lehen eta bigarren haurtzaroaren arteko trantsizioarekin bat eginez.

6. LANDA FORMATUAREN ERAIKUNTZA
Edozein landa formatu, oro har, hiru mailetan ordenatzen da: makroirizpidea, irizpidea eta portaera. Behetik gora ulerkorrago egiten da. Ikerketaren hasierako fase pasiboan eta behaketa tresna eraikitzeko lehen saioetan hainbeste portaera behagarri apuntatu eta kontutan hartu izan dira.
Horietatik baten batzuk errepikatzeaz gain, berdin antzeko baldintzatan edo ezaugarriekin gauzatzen doaz behin eta berriz, eta, beraz portaera gisa kontsideratu izan dira. Portaerak —beraien artean dituzten antzekotasunen arabera
edo portaera maila berdinaren adierazpenak direlako—, irizpideetan bildu daitezke landa formatuaren bigarren maila eratuz. Azkenik, sortutako irizpide horien arteko harreman kontzeptual edo funtzionalaren arabera hirugarren
mailara iristen da: makroirizpideak proposatzera. Adibidez, jauzi egitea den segida (prestakuntza, gauzatzea eta ondorioa) makroirizpidetan ordenatu daiteke, jarduera osoa bilduz.
Zehazki, jauzi egitean parte hartzen dute plano walloniar bi hauek: inguru psikomotorearen gizakizko baldintzak edo plano psikologikoagoak, eta jarduera bera garatzeak edo plano sentsoriomotoreak. Lehen planoari C0 makroirizpidea dagokio: «laguntza aukeraketa» edo konfiantza izateko esku-laguna (Wickstrom, 1990). Bigarren planoari hiru makroirizpide dagozkio: C1 «igotzearen aukeraketa», C2 «borondatezko banaketaren aukeraketa », eta C3 «borondatezko banaketaren ondorioa», edo beste era batera esanda, altuera jauzi egitearen prestaketaren, gauzatzearen eta ondorioen aldiak (Wallon, 1984a).



1. irudia

«Jauzia psikomotrizitatean biziaren hirugarren urtean zehar» landa formatua

Landa formatuaren amaierako bertsioa, alegia, erregistroa egiteko balio duena, lau makroirizpideen ezarpen berezitu eta ordenatuaren, eta erreferente teorikoaren finkatzearen emaitza da. Horri esker, landa formatuaren osagai guztiek definizio bakarra, jakina eta garbia dute (Herrán, 2005). Ondoriozko jauzi mota zehatza, saio bakoitza gauzatze momentuan presente dauden aukeren arteko erabaki libre, malgu eta etengabetik dator eta horrelaxe islatzen da landa formatuaren bidez.

7. LABURBILDUZ
Zientziaren zeregina objektibizazioan aurrera egitea den heinean (Anguera, 1999; Zazzo, 1976; Wallon, 1980), errealitatearen azterketa objektiboagoa izatea ezin da erraza izan. Behaketa metodologia beste metodologia eredu batzuekin konparatuz gero, askotan nekezagoa gertatzen da. Hemen ez dugu egin aplikatzearen bilakaeraren zati baten deskribapena baino. Behatu nahi den errealitatearen grabaketak nahi den maiztasunez egin eta gero hustu eta sistematizatu behar dira lehenik eta behin lagina atera ahal izateko. Portaera unitate guztiak mugatu, moztu, historikoki eta parte-hartzaile bakoitzaren arabera ordenatu eta erregistratu behar dira, landa formatua eraikitzearekin batera. Horretarako ezinbestekoa da egitura bera argitu, mailak eta osagaiak sendotu, eta bakoitzaren adiera bakarreko definizioa ematea. Lan eskerga bada ere (horra alde ezkorra), eskaintzen duen informazioaren kantitatea eta kalitatea handiak dira (alde baikorra). Izan ere, datu kopurua zabalegia denean; hau da, maila molekularregia gertatzen denean, biltzea dago antzekotasunen arabera, maila molarragoa eginez.

Aucouturier Psikomotrizitate Praktika behatzea APPk berak proposatzen zuen eredu behatzailea jarraituz ezina gertatu zen hasiera-hasierarik; behin eta berriz errepikapen, inferentzia edo arazo metodologiko askoren aurrean aurkitzen ginelako. Praktika ebaluatu, bere eraginkortasuna neurtu nahi izanez gero, ezinbestekoa zen distantzia metodologikoa hartzea. Lehenengo urratsak psikomotrizitatetik gertuegi zeuden eta arazoa gainditzeke zegoen: esku-hartze psikomotorea eraginkorra bazen ere, objektibatzeko ahalegina intuizio mailan geratzen zen behin eta berriz. Behaketa metodologiarekin topo egitean, betekizun substantiboek —berezko jarduera, hautemangarritasuna, ohiko testuingurua eta neurtzeko tresna estandarrik ez izatea— eta prozedurazkoeik —lehentasun idiografikoa—,
esku-hartze psikomotorearekiko distantzia zabalagoa hartzeko aukera eskaini zigun, behaketa objektua jauzi egitearen jarduerara mugatu zelarik. Nahiz eta printzipioz landa formatuak oinarri teorikorik behar izan ez, hainbeste jokabide ordenatzea ezina zen teoria psikologikorik gabe.

Henri Wallonen teoriak, psikogenetikoa eta dialektikoa izanik, psikomotrizitate glako jarduera azaltzen —ez deskribatzen soilik— lagundu izan du; hain zuzen, jauzi egitearen jarduera bera, jardueraren zati edo osagarri esanguratsuenak, bere bilakaera denboran zehar, lagungarri gerta dakizkioken zirkunstantzia fisiko zein gizakizkoak barne (Herrán, 2008).

Psikomotrizitate gelan gertatzen den jauzi-jarduera ebaluatzeko egindako landa formatuaren proposamena ez da behin-betikoa izan lagina osoa erregistratzen amaitu den arte; izan ere, erregistratzean hainbeste jokabide berri agertzen joan dira, tresna zabala eta malgua dela demostratuz. Datu analisia egiteko orduan proposatzen diren oinarrizko konfigurazioak C1-C0, C2-C0 eta C3-C0 dira, alegia, bilakaera sentsoriomotorearen —igotzearen aukeraketa, borondatezko banaketaren aukera eta banaketaren ondorioa— laguntzaren aukeraketarekin konbinaketa. Ondorioz, jauzi bakoitza 104 jokabide-kodez osaturiko konfigurazio multzo bihurtu da, 13 lerro eta 8 zutabetan ordenaturik. Amaitzeko, datuen azterketa sekuentzialaren (Bakeman, 1978; Bakeman eta Gottman, 1989; Bakeman eta Quera, 1996) eta jauziaren patroien (Sackett, 1980, 1987), jauzi mota esanguratsuen (Herrán, 2005, 2007) eta bakarkako perfilen azterketaren (Herrán 2006a, 2006b) txanda da. Guzti horren ostean, eta osagai guztiak (makroirizpide, irizpide eta portaera), errepasatuz gero, behaketa tresnara itzuli beharko da bere egokitzapen maila eta funtzionalitatea berrikustera.


Abstract

This paper sets out to report on the most significant milestones in applying Observational Methodology to Aucouturier Psychomotor Practice (APP); specifically, the devising of the observation tool, the field format for «Jumping in Psychomotor Education during the third year of life». There is dual complementarity between the two ambits: on the one hand, Observational Methodology is unique in its capacity to evaluate and explain and not merely describe the complex flow of infant psychomotor activity or psychomotor expressiveness; on the other, this expressiveness, which is the goal of APP, fulfils the optimum profile of Observational Methodology. One of the conditions imposed by the observational methodological process is the systematization of the tool for observation. What starts off as a system of categories in the observational proposal of APP itself, end ups being a dialectic field format of the psychomotor activity of jumping at the service of the initial aim of the research, which is to evaluate infant psychomotor behaviour.

Key words: Chilhood education. Observational methodology.Field research. System of categories.

El presente artículo pretende dar cuenta de los hitos más significativos de la aplicación de la Metodología Observacional a la Práctica Psicomotriz Aucouturier (PPA); en concreto, de la elaboración del instrumento de observación, el formato de campo «El salto en psicomotricidad durante el tercer año de vida». Entre ambos ámbitos
existe una doble complementariedad: por una parte, la Metodología observacional es la única que puede evaluar y explicar, y no sólo describir, el complejo flujo de actividad psicomotriz infantil o expresividad psicomotriz, por otra, esta expresividad, objeto de la PPA, cumple el perfil óptimo de la Metodología observacional. El proceso metodológico observacional impone entre sus condiciones la sistematización del instrumento de observación; lo que comienza siendo un sistema de categorías de la propuesta observacional de la propia PPA, termina siendo un formato de campo dialéctico de la actividad psicomotriz de saltar al servicio del objetivo inicial de la investigación, que es la evaluación del comportamiento psicomotor infantil.

Palabras clave: Educación infantil. Observación. Investigación de campo. Sistema de categorías.

L’objectif de cet article est de mentionner les étapes les plus significatives de l’application de la Méthode d’Observation de la Pratique Psychomotrice Aucouturier (PPA), concrètement, la mise en place de l’outil d’observation, le format de champ «Le saut dans la psychomotricité au cours du troisième âge». Il existe une double complémentarité entre ces deux domaines: d’une part la méthode basée sur l’observation est la seule qui peut évaluer et expliquer et pas seulement décrire le si complexe flux d’activité psychomotricienne chez l’enfant ou l’expressivité psychomotricienne, d’autre part cette expressivité, objet de la PPA, respecte le profil optimal de la Méthodologie basée sur l’Observation.

La méthodologie basée sur l’observation impose, entre autres conditions, la systématisation de l’instrument d’observation; ce qui commence par un système de catégories de l’objet observationnel de la PPA se termine par un format de champ dialectique de l’activité psychomotricienne au service de l’objectif initial de la recherche, à savoir
l’évaluation du comportement psychomoteur chez l’enfant.

Mots clés: Enseignement enfantine. Observation. Recherche sur le terrain. Système de catègories.

BIBLIOGRAFIA

Anguera, M. T. (1988): Observación en la escuela. Bartzelona: Graó.
Anguera, M.T. (1999). Hacia una evaluación de la actividad cotidiana y su contexto: ¿Presente o futuro para la metodología? Discurs d’ingrés com acadèmica numeraria electa. Bartzelona: Reial Acadèmia de Doctors.
Anguera, M. T., Blanco, A.; Losada, J. L. (2001): «Diseños Observacionales, cuestión clave en el proceso de la metodología observacional», in Metodología de las Ciencias del Comportamiento, 3 (2), 135-161 orr.
Anguera, M. T. (2003a): «La observación», in C. Moreno Rosset, C. (Arg.): Evaluación psicológica. Concepto, proceso y aplicación en las áreas del desarrollo y de la inteligencia. Madril: Sanz y Torres.
Anguera, M. T. (2003b): «La observación en la Educación Infantil», in Gallego Ortega J. L.; Fernández de Haro, E. (Zuz.), Enciclopedia de Educación Infantil, I. Archidona: Aljibe.
Arnaiz, V. (1994): «Concepción y bases metodológicas de la educación corporal. Primer ciclo de Educación Infantil», in Aula de Innovación Educativa, 23, 9-13 orr.
Arnaiz, V. (1996): «El clima de seguridad emocional. El periodo de adaptación», in Materiales para el curso de Habilitación para profesionales del Primer Ciclo de Educación Infantil. Dirección General de Formación Profesional Madril: Ministerio de Educación.
Arnaiz, V. (2000): «La seguridad emocional en la Educación Infantil», in Praxis, 1, 3-37 orr.
Aucouturier, B. (1993a): «El itinerario de maduración del niño en la práctica psicomotriz educativa y preventiva», in Actas de las II Jornadas de Práctica Psicomotriz, Gasteiz, 20-28 orr.
Aucouturier, B. (1993b): «Niveles de expresividad psicomotriz», in Revista de Educación Especial 15, 39-48 orr.
Aucouturier, B. (2000): «La práctica psicomotriz», in Cuadernos de Psicomotricidad, 19, 8-11 orr.
Aucouturier, B. (2004): Los fantasmas de acción y la práctica psicomotriz. Bartzelona: Graó.
Aucouturier, B.; Darrault, I.; Empinet, J. L. (1985): La práctica psicomotriz: Reeducación y Terapia. Bartzelona: Científico-Médica.
Bakeman, R. (1978): «Untangling streams of behavior: Sequential analysis of observation data», in Sackett, G. P. (Arg.): Observing Behavior, Vol. 2: Data collection and analysis methods. Baltimore: University of Park Press.
Bakeman, R.; Gottman, J. M. (1989): Observación de la interacción: Introducción al análisis secuencial. Madril: Morata.
Bakeman, R.; Quera, V. (1996): Análisis de la Interacción: Análisis Secuencial con SDIS y GSEQ. Madril: Ra-Ma.
Gibson, E. J.; Walk, R. D. (1960): «El abismo visual», in Greenough, W. T. (Arg.), Psicobiología Evolutiva. Bartzelona: Fontanella.
Herrán, E. (2003): «El movimiento en psicomotricidad», in Boletín de Estudios e Investigación. Monografía II. Madril: INDIVISA.
Herrán, E. (2005): Análisis de la psicomotricidad en el inicio de la escolarización: Un estudio psicogenético y observacional del salto durante el tercer año de vida. Bilbo: EHU.
Herrán, E. (2006a): «Aprender a saltar. Un estudio de caso», in La revista iberoamericana de psicomotricidad y técnicas corporales, 21, 6 (1), 77-90 orr.
Herrán, E. (2006b): «Cuando saltar es volar. Un estudio de caso», in Bacaicoa, F.;Uriarte, J. de D.; Ámez, M. A. (Arg.) XIII Congreso de Psicología de la Infancia y de la Adolescencia. INFAD. Bilbo: Psicoex.
Herrán, E. (2006c): «Psikomotrizitatean, lehen haurtzaroaren bertikaltasunaren kontrolaz», in Jakingarriak, 59, 20-26 orr.
Herrán, E. (2007): «Jauzika hiru urterekin: haur portaera psikomotorearen behaketa », in Tantak, 36, 27-44 orr.
Herrán, E. (2008): «Observar el movimiento: Construcción del formato de campo “el salto en psicomotricidad durante el tercer año de vida”», in Revista de Psicodidáctica, 13 (2) 33-43 orr.
Kintela, J. (1987): «Separarse para ir a la escuela por primera vez: de la desolación compartida al constructivismo», in Jornades de Pedagogia Operatoria (Arg.), IV Jornades de Pedagogia Operatòria. Desenvolupament i medi escolar. Bartzelona: IMIPAE.
Lareo, S. (1984): «Enfermas mentales crónicas en pisos: Un estudio ecológico y conductual en esta alternativa de asistencia psiquiátrica comunitaria», in Informaciones Psiquiátricas, 96, 163-179 orr.
Sackett, G. P. (1980): «Lag sequential analysis of contingency and cyclicity on behavioral interaction research», in Sawin, D. B. (et al) (Arg.) Exceptional infant. Psychosocial risks in infant-environment transactions. New York: Brunner/Mazel.
Sackett, G. P. (1987): «Analysis of sequential social interaction data: Some issues, recent developments, and a causal inference model», in Osofsky, J. D. (Arg.) Handbook of infant development, 2nd ed. New York: Wiley.
Stern, W. (1979), in H. Wallon: Los orígenes del carácter en el niño. Los preludios del sentimiento de personalidad. Buenos Aires: Nueva Visión.
Wallon, H. (1979): Los orígenes del carácter en el niño. Los preludios del sentimiento de personalidad. Buenos Aires: Nueva Visión.
Wallon, H. (1980): Psicología del niño. Una comprensión dialéctica del desarrollo infantil. Madril: Pablo del Río.
Wallon, H. (1984a): La evolución psicológica del niño. Bartzelona: Crítica.
Wallon, H. (1984b): Psicología y educación del niño. Una comprensión dialéctica del desarrollo y la educación infantil. Madril: Visor.
Wallon, H. (1985): La vida mental. Bartzelona: Crítica.
Wickstrom, R. L. (1990): Patrones motores básicos. Madril: Lavel.
Zazzo, R. (1976). Prefacio. In J. C. Coste, Las 50 palabras claves de la psicomotricidad. Bartzelona: Médica y Técnica.